XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OIT (Lanaren Nazioarteko Erakundea, frantsesez Organisation Internationale du Travail).

1919an sortu zen eta 1946az geroztik NBEren baitan dagoen erakundea.

Lan-baldintzak (lanordu, lan-istripu, alokairu, ikasketak...) hobetu eta gizarte-justizia sustatzea ditu helburu.

Partaide den estatu bakoitzeko gobernu, enpresari eta langileen ordezkariez osaturik dago.

Egoitza nagusia Genevan du.

1969an Bakearen Nobel saria eman zioten.

OME (Osasunerako Mundu-Erakundea; frantsesez, Organisation Mondiale de la Santé; ingelesez World Health Organization; OMS).

1946an sortua eta 1948az geroztik NBEko erakunde espezializatua.

Munduko herri guztietan ahal den osasun-mailarik gorena lortzea du helburu.

Genevan du egoitza nagusia.

OSCE (Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundea; ingelesez, Organization of Security and Cooperation European; lehen zen CSCE).

1975ean sortua, Helsinkiko konferentzian.

Varsoviako eta NATOko estatuez gain, Europan zeuden beste estatu neutralak bildu ziren bertara (Albania izan ezik).

Horiez gain, EEBBak eta Kanada zeuden. Erakunde honen helburua Europako Ekialde eta Mendebaldearen arteko arau komunak ezartzea zen, Defentsari dagokionez, beti ere.

Gerra hotzaren garaian protagonismo nahiko izan bazuen ere, gaur egun ezer gutxi egiten du, bertan dauden estatu askok NATOri ematen baitiote lehentasuna.

OUA (Afrikar Batasunerako Erakundea; frantsesez, Organisation de L'Unité Africaine).

1963an sortutako erakundea, deskolonizazio-prozesuekin batera.

Helburu nagusietako bat, deskolonizazioen ondorioz ezarritako mugak bermatzea zen.

Bertan dira Afrikako estatu guztiak, eta bai Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa ere.

Herri horren onespenak krisi sakona sortarazi zuen OUAren baitan 1982an, Marokok ez baitzuen inolaz ere onartu aldarrikapen hura.

Izan ere, erakunde hau ez da gai izan Afrikak dituen arazoak konpontzeko.

Oso eragin txikiko organoa da, eta horren erakusle, azken urteotan Afrikan bertan izan diren hainbat liskarretan (Etiopia, Txad, Libia, Ruanda, Somalia, Liberia...) OUAk jokatu duen paper eskasa da.

Unesco (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea: ingelesez United Nations Educational Scientific and Cultural Organization; UNESCO).

1946an sortua, 154 estatu bazkide ditu.

1984an EEBBek utzi egin zuten erakundea. 1985ean Erresuma Batuak eta Singapur-ek beste horrenbeste egin zuten.

Parisen du egoitza nagusia.

Bere eginkizun nagusiak hauexek dira: alfabetatzea, derrigorrezko hezkuntza dohainezkoaren zabalkuntza, arrazakeriaren aurkako borroka, zientzi ikerketa garatzea eta monumentuen babesa hedatzea.

Sei urterik behin aukeratzen da erakunde honetako zuzendari nagusia.

1985az geroztik argitaratzen da gure artean Unesco-ren albistaria; hots, erakunde honek hainbat hizkuntzatan argitaratzen duen aldizkaria.